
KONTSEILUA
Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkarte Ofizialen Kontseilu Nagusia beharrezko nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmen osoa duen zuzenbide publikoko korporazioa da; 1942ko abenduaren 15eko Dekretuaren bidez sortu zen eta bere barruan Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkarte Ofizial guztiak hartzen ditu -gaur egun 45 Elkarte dira, horietako batzuk ehun urtetik gorakoak-. Elkarte horiek 28.000 kide baino gehiago dituzte. Bere eginkizunen artean Kontseiluak lanbidearen ordezkaritza-lana egin eta barruan dituen Elkarteak koordinatzen ditu, Elkarte Profesionalen Legeak horietako bakoitzari ematen dizkion eskumen bereziak kontuan hartuta.
MERKATARITZA ETA ENPRESA TITULUDUNAK
Duela mende eta erdi pasa lanean hasi ziren Merkataritza Tituludunak mikroekonomian aditutako profesionalak dira eta enpresaren ekonomiari dagozkion gaietan Lanaren Nazioarteko Bulegoko (L.N.B) Lanbideen Nazioarteko Sailkapen Bateratuak Kontulari eta Administratzaileentzat adierazitako eginkizun hauek betetzen dituzte: zerga eta kontabilitate arloko aholkularitza, enpresen antolaketa eta administrazioa, kontu-ikuskaritza eta gai konkurtsalak (ordainketen etenaldiak eta kiebrak); eginkizun horiek guztiak Ekonomialarien eta Merkataritza Irakasle eta Perituen Estatutu Profesionala onartu zuen apirilaren 26ko 871/1997 E.D.an jaso ziren.
Espainian gutxi gorabehera 175.000 merkataritza-tituludun daude: horien artean badira merkataritza-perituak, merkataritza-irakasleak, intendenteak eta aktuarioak; horiez gain, enpresa zientzietan tituludunak eta enpresen zuzendaritza eta administrazioko tituludun berriak ere hartu behar dira kontuan.
Merkataritza Tituludunak bi talde handitan banatu behar dira. Lehenengo taldea jarduneko profesionalena da: E.J.Zan alta emanda daude eta beren estatutu profesionalaren arabera bete beharreko eginkizunak betetzen dituzte. Bigarren taldea, berriz, ez-jarduneko profesionalena da; enpresa pribatuetan lan egiten duten tituludunek, funtzionarioek eta unibertsitateko irakasleek eta katedradunek osatzen dute bigarren talde hau.

ONGI ETORRIA
(Lorenzo Lara Lara Lehendakariak Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkarte Ofizialen Kontseilu Nagusiaren web orrian ongi etorria ematea)
Lankide agurgarriak:
Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkarte Ofizialen Kontseilu Nagusiko lehendakaria naizen aldetik, ongi etorririk beroena eman nahi dizuet Web orri honetara.
Denok ondo dakigunez, teknologia berriak eta beren aplikazioa
sekulako garrantzia hartzen ari dira aspaldi honetan gure eguneroko lanean.
Beraz, funtsezkoa iruditzen zait
Web orri hau bezalako komunikabide berriak ahalik eta gehien zabaltzea eta erabiltzea.
Web honen bidez Kontseilua ezagutarazi nahi dugu, bai estatuan eta baita nazioarteko esparruetan ere. Gainera, ahal den neurrian behintzat, Elkarteko kideen eguneroko lana ere erraztu nahi genuke. Hori kontuan izanik, Kontseilu Nagusiaren Web honen edukiak aldian-aldian eguneratu, etengabeko prestakuntza eskaini eta beste atari eta orri interesgarri batzuk erakutsiko dizkizuegu, guretzat garrantzitsua den informazioa, prestakuntza, argibideak eta abar ikusteko modua izan dezazuen.
Nik uste helburu horiek erraz beteko ditugula zuetako
bakoitzak "gure" proiektu hau aurrera eramaten laguntzen badiguzue.
Eta "gure" hori diodanean esan nahi dut proiektua elkarteko kide guzti-guztiona
dela. Beraz, zuen proposamen eta iritziak oso kontuan hartuko ditugu. Era berean,
gure lanbidearen inguruan edozein eratako informazio eta prestakuntza behar
izanez gero badakizue nire eta Kontseiluko organo guztien laguntza osoa izango
duzuela.
Ziur nago zuen partaidetza eta ikustaldiei esker Web orri honetan jarri ditugun
itxaropen guztiak beteko ditugula. Nire aldetik ahalegin guztiak egingo ditut
adierazitako helburu horiek lortzeko eta aldi berean nahi nuke denon artean
egiten ari garen lan hau zuek ere kontuan hartzea. Espero dut web orri hau zuen
gogokoa izatea eta batez ere zuen eguneroko lanerako baliagarria izan dadila.

KONTSEILU NAGUSIAREN ERREGISTROAK
Kontu Ikuskarien Erregistro Orokorra (REGA), Zerga Aholkularien Erregistro Orokorra (REGAF) eta Kontabilitate eta Auzi Gaietako Adituen Erregistroa (RECJ) dira Kontseilu Nagusia osatzen duten Sailak; Erregistro horietan izena emanda dauden eta kontu-ikuskari, zerga-aholkulari eta Justizia Administrazioaren laguntzaile moduan aritzen diren profesional guztiak hartzen dituzte.
Kontu Ikuskarien Erregistro Orokorrak (REGA) bertan izena emanda dauden kontu-ikuskari eta kontu-ikuskaritzako sozietate guztiak hartzen ditu. REGAk Espainiako kontu-ikuskaritzako ETE eta banakako kontu-ikuskari gehienak ordezkatzen ditu. Gaur egun 1.900 pertsona fisiko eta 180 sozietate daude REGAren barruan.
Zerga Aholkularien Erregistro Orokorrak (REGAF) bertan izena emanda dauden zerga-aholkulari eta zerga-aholkularitzarako sozietate guztiak hartzen ditu. Gaur egun 3.000 zerga-aholkulari eta zerga-aholkularitzako sozietate ugari inskribatuta daude REGAFen.
Kontabilitate eta Auzi Gaietako Adituen Erregistroak (RECJ) Justizia Administrazioaren laguntzaile moduan lan egiten duten merkataritza- eta enpresa-tituludunak hartzen ditu bere barruan. Kontabilitate eta Auzi Gaietako Adituen Erregistroa -Espainiako era horretako lehenengo Erregistroa- Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Kontseilu Nagusiak sortu zuen 2000. urteko azaroan eta gaur egun mila aditu inguru ditu.
KONTU-IKUSKARIEN ERREGISTRO OROKORRA (REGA)
Kontseilu Nagusiak Espainiako kontu-ikuskaritzako ETE gehienak eta banakako kontu-ikuskari gehienak ordezkatzen ditu Kontu Ikuskarien Erregistro Orokorraren bidez. Gaur egun, 1.900 pertsona fisiko eta 180 sozietate daude REGAren barruan. Horiek guztiek 36 milioi euro inguru fakturatzen dute urtean eta zeharka 4.200 lanpostu sortzen dituzte.
REGA Kontseilu Nagusiaren sail bat da eta bertan izena emanda dauden kontu-ikuskari eta kontu-ikuskaritzako elkarte guztiak hartzen ditu. Bere eginkizunen artean hauek nabarmendu behar dira: Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuko (ICAC) Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean (ROAC) sartzeko aukera ematen duten gaitasun-azterketak egitea, etengabeko prestakuntza-programak aurrera eramatea, bere kideen lan-jarduerei buruzko kalitate-kontrolak egitea, eta bere kideei informazio- eta zigor-espedienteak irekitzea, ICACi behar diren jardunbideak hasteko proposatuz.
REGAn sartu ahal izateko, uztailaren 12ko 19/1988 Kontu Ikuskaritzari buruzko Legean eta 1990eko bere Arautegian ezarritako baldintza hauek bete behar dira:
1. Sartzeko azterketa gainditzea.
2. ROACen barruan dagoela egiaztatzea; bertan kontu-ikuskariaren zenbakia emango
diote.
Baldintza horiek bete ondoren, kide guztiek objektibotasunez jardun beharko dute, eta beren zeregin guztietan ICACek ezarritako arau teknikoak eta REGAren gomendioak bete beharko dituzte.
ZERGA AHOLKULARIEN ERREGISTRO OROKORRA (REGAF)
Zerga Aholkularien Erregistro Orokorra (REGAF) Kontseilu Nagusiaren organoa da. Erregistro horretan izena emanda dauden zerga-aholkulari eta zerga-aholkularitzarako sozietate guztiak hartzen ditu. Gaur egun 3.000 zerga-aholkulari eta zerga-aholkularitzako sozietate ugari daude REGAFen barruan.
Zerga Aholkularien Erregistro Nagusia Espainiako Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkarte Ofizialen Kontseilu Nagusiaren Batzarrak sortu zuen 1985. urtean; Bere kideek eskatzen dituzten zerbitzuak emateaz gainera, honako helburu nagusia du: zerga-aholkularitzako arau teknikoak adostu, egokitu eta berrikustea, eguneratze-programak antolatzea eta bere kideen etengabeko prestakuntza aurrera eramatea.
1986. urtean onartu eta 1992an eraberritu zuten Arautegiaren arabera, lanean ari diren elkarteko kide guztiek dute REGAFen sartzeko aukera, baldin eta Arautegi horretan adierazitako baldintza jakin batzuk betetzen badituzte: adibidez, lanbidean gutxienez bi urtez aritu izana edo Kontseilu Nagusiaren prestakuntza-ikastaroak gainditzea; horrez gainera, gutxienez 150.253,03 euroko fidantza, abal edo berme bat jarri beharko dute, eta horretarako erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat egin ahal izango da.
REGAFeko kideek, besteak beste, ondoko eginkizuna dute: pertsona fisiko eta juridikoei zerga arloko eskubide eta eginbeharrei buruzko aholkua ematea, eta eginbehar horiek ez betetzeagatik kalte eta galerak sortzen direnean haien aurrean eta hirugarrengoen aurrean erantzutea, Elkartearen lanbideko etika-arauak betez.
Erregistroa ez da oso aspaldikoa, baina denborarekin gero eta indar handiagoa hartu eta 1996. urtetik aurrera sekulako zabalkundea izan du. Urte horretan egindako argitalpen eta ekitaldi ugariei esker Erregistroaren izena Espainiako bazter guztietara zabaldu zen. 1997. urtean garrantzi handiko organo bat sortu zen: Ikerketa Kabinetea. Batzorde Nazionalak (haren oinarrizko erakunde batek) hala erabakita sortu zen kabinete hori Erregistroko organo exekutibo bihurtu zen; era horretan, Erregistroak funtzionaltasun eta bizkortasun handiagoa du erabakiak hartzeko garaian. Horren ondoren aldizkari bat eta hainbat liburu argitaratzen dira (paperean, CD formatuan eta Interneten) eta Erregistroko kide guztientzat zabalik dagoen kontsulta-zerbitzu iraunkor bat ere eratu da. Zerbitzu hori lanean hasi zenez geroztik 2.100 galdera baino gehiago erantzun dira. Bereziki aipatu beharrekoak dira urtero kide guztientzat antolatzen diren Ikerketa Jardunaldiak ere. Jardunaldiak Madrilen, Bartzelonan eta Sevillan egin ohi dira baina batzuetan beste hiri batzuk (Valentzia, Zaragoza, A Coruña, Valladolid, Salamanca eta abar) aukeratzen dituzte horretarako. Gainera REGAFek Zergaduna Defendatzeko Kontseiluko elkarte profesionalen lan taldean ere parte hartzen du hura sortu zenez geroztik, eta Ogasun Ministerioak oso kontuan hartzen du haren iritzia zerga-araudi berri bat egiten duen bakoitzean.
KONTABILITATE ETA AUZI GAIETAKO ADITUEN ERREGISTROA (RECJ)
Merkataritza eta enpresa tituludunak diren kontabilitate eta auzi gaietako adituen Erregistroa da. Bertako adituek beren estatutu profesionalen arabera lan egiten dute Justizia Administrazioko laguntzaile gisa, bai jardunbide konkurtsaletan -Administrazio Konkurtsaleko kide direlako- eta baita perituak izendatu behar direnenean ere, enpresen ekonomia, finantza, administrazio edo kontabilitate gaiei buruz iritzia emateko.
Erregistro horrek jarduteko arau teknikoak prestatuko ditu, bere kideei etengabeko prestakuntza emango die eta kontabilitate eta auzi gaietako adituen lan jarduerarekin zerikusia duten laguntza eta kontrol gai guztien ardura izango du.
Erregistroak dituen eginkizunen artean, kontu-ikuskaritza, zuzenbide konkurtsal, merkataritza-zuzenbide eta finantza- eta zerga-zuzenbideari dagozkion gaietan espezializatzeko beharrezko irakaskuntza eta ikasketa-jarduerak bultzatzen ditu.
Kontabilitate eta Auzi Gaietako Adituen Erregistroa -Espainiako era horretako lehenengoa- Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Kontseilu Nagusiak sortu zuen ofizialki 2000. urteko azaroan, eta gaur egun mila aditu inguru ditu.
Erregistroko kide izateko baldintza hauek bete behar dira: merkataritza eta enpresa tituludun kolegiatua izatea, gutxienez bi urtean lanbidean aritu izana, kontabilitate eta auzi gaietan praktikak egin izana edo dagozkion jarduketa-txandetan agertzea.
2001eko apirilaren 17an Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Kontseilu Nagusiak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) lankidetzarako hitzarmen-eredua sinatu zuten.
Hitzarmen horri esker, Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Kontseilu Nagusiko Kontabilitate eta Auzi Gaietako Adituen Erregistroa elkarlanean ari da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, kontabilitate eta kontu-ikuskaritza gaien inguruan informazioa trukatzeko (aldian-aldian bilerak egin eta ikastaro, mintegi eta beste zenbait ekimen antolatzen dituzte.